Menu

Donostia 2016k eta Donostia Kulturak “Mugalariak” aurkeztu dute, sorkuntza eta bitartekaritza artistikorako lehen deialdia

BUKATUTA DEIALDIA

Donostia 2016DONOSTIA 2016 FUNDAZIOAK ETA DONOSTIA KULTURAK, ERROBIKO HERRI ELKARGOAREKIN LANKIDETZAN, PROIEKTU ESZENIKOEN LEHEN DEIALDIA AURKEZTU DUTE: “MUGALARIAK”.

Programa hau sorkuntza artistikoaren berrikuntza babestera zuzendutako metodologia bat da, eta egonaldi artistikoetan eta herritarrei sorkuntza prozesuak gerturatzean oinarritzen da, sortzaile eta herritarren arteko bitartekaritza-jardueren bidez.

Helburu nagusia zera da: gaur egungo kultur sistemaren hiru ardatz nagusien arteko harreman-eredua eraldatzea: sortzailea, ekipamendua edo erakundea, eta herritarrak. Harreman-aldaketa horri esker, lurraldeko ekipamenduak sortzaileen eskura jartzea sustatzen da, egonaldi artistikoetan sorkuntza artistikoko prozesuak har ditzaten. Sorkuntza-prozesuak herritarrekin batera egiten dira, hezkuntza-sektorearekin, bereziki, DSS2016Euren bitartekaritza-taldearekin batera diseinatu eta gauzaturiko bitartekaritza artistikoko hainbat jardueren bidez.

Gaurko aurkezpena, urte bete baino gehiagoz barru-diagnosia, kontrastea eta metodologiaren diseinua egin ondorengo emaitza da. Aipatu lanak zera ondorioztatu du:

- Gaur egungo testuinguruan, Donostiak eta lurraldeko gainontzeko tokiek kultur ekipamendu sare zabala dute. Gehienetan, sare hau berezko programazioa egiteaz arduratzen da bakarrik, eta ez dago sortzaileen eskura.

- Urtetan, erakundeek esfortzu handi bat egin dute kultur eskaintza aberats eta erakargarri bat eskaintzeko; hala ere, ez da eskaera biziberritzeko antzeko esfortzurik egin.

Donostia 2016ren helburua sorkuntza era integral batean lantzea eta ekipamenduak eta herritarrak inplikatzea da, sorkuntza-prozesuetan parte hartzeko aukerak hobetu egingo bailuke euren prestakuntza. Hezkuntza-sektorearekin oso hertsiki egin beharko da lan prestakuntza hori lortzeko, prozesu artistikoen bitartekaritza tresna pedagogiko berritzaile bat izan daiteke eta.

Donostia 2016k sorkuntza artistikoaren berrikuntza hiru lan ildotan babestuko du:

- Donostia 2016ren kultur programaren parte izango diren proiektuak. Aipatu proiektuak lurraldeko kultur ekipamenduetan egin daitezen eta euren sorkuntza-prozesuak herritarrekin konpartitu eta sozializatu daitezen sustatuko da.

- Gaur aurkezten dugun “Mugalariak”, denbora-epe honetan Donostia 2016ren programatik kanpo denbora egiten diren eta lan egiteko modu berriak ondaretzat uzten dituzten proiektu artistikoak babesteko sortua. Testuinguru honetan, hainbat proiektu piloto egin dira, hala nola, Tattakak dFERIAn Blackbird antzerki-lanarekin egindakoa, Intxaurrondo K.E.-an egindako Lloba antzerki-lanak, etab.

- Lankidetzarako plataforma: lurraldeko artisten eta Europako beste sortzaile batzuen arteko ikerketa eta lankidetza-proiektuetarako sustaturiko egonaldiak.

“MUGALARIAK”-EN LEHEN DEIALDIA“MUGALARIAK”-EN LEHEN DEIALDIA

Donostia 2016k, Donostia Kulturarekin batera, Errobi Herri Elkargoarekin lankidetzan, eta Akitania-Euskadi Euroeskualdearen laguntzarekin, sorkuntza-prozesua, osorik edo parte batean, 2014ko iraila eta 2015eko otsaila artean egingo duten bost proiektu eszeniko hautatu eta babestuko ditu. Lehen deialdi honetan, Donostia Kulturaz gain, parte hartzen dute Zumaia, Azpeitia, Leioako ekipamenduek, Harrixurik (Luhuso) eta Iparralde/Akitaniako beste hainbatek.

Deialdiaren helburuak ondorengo hauek dira:

- Bost proiektu eszeniko hautatu eta euren sorkuntza-prozesuen parte bat lurraldeko gutxienez bi ekipamenduetan egin dadin erraztea; aipatu ekipamenduetan bitartekaritza artistikoko jarduerak egin beharko dira euren testuinguru sozialarekin, ikastetxeekin, bereziki, Donostia 2016ko bitartekaritza-taldearekin batera diseinaturiko prozesuen bidez.  eta at Hegoaldekoa eta bestea Iparralde/Akitaniakoa.

- Hegoalde eta Iparralde/Akitaniako kultur ekipamenduen arteko lotura eta lankidetza eta lurraldeko artisten mugikortasuna bultzatzea.

- Egonaldiak eta bertan egiten diren bitartekaritza-jarduerak dokumentatzea, sorkuntza-prozesuak eta esperientzia pedagogikoak indartuz.

- Publikoekin egiten diren harremanak ulertzeko era berriak planteatzen dituzten sorkuntza-proiektuak baloratu, ikustarazi eta sustatzea.

Deialdi honek Akitania-Euskadi Euroeskualdearen laguntza dauka, eta urrats garrantzitsu bat da kultur sistemaren eraldaketari dagokionez kultur hiriburutzak dituen helburuen lorpenean. Donostia Kulturaren kultur etxeak, Victoria Eugenia Antzokia, Zumaiako Aita Mari, Leioako Auditorioa, Azpeitiko Sanagustin, Luhusoko Hameka (Harrixuri) eta gaur etortzeko aukerarik izan ez duten beste hainbat ekipamenduk proiektu berean lan egitea lorpen bat da, bere horretan, eta bidea irekitzen die, gainera, krisi-testuinguru honetan hain beharrezkoak diren beste era bateko lankidetzei.

Programa honen bidez, bost proiektu eszenikok sorkuntzarako laguntza jasoko dute, eta lurraldeko ekipamendu batean lan egin ahal izango dute, sorkuntza-prozesua herritarrekin konpartituz, ikasleekin bereziki, proiektu bakoitzerako ad hoc landuko diren bitartekaritza-jardueren bidez. Bitartekaritza-prozesu bakoitza, hautaturiko artista edo konpainiaren, hauek hartzen dituen ekipamenduaren eta parte hartuko duen ikastetxeko irakaslearen edo herritar-kolektiboaren ordezkariaren arteko negoziazio, elkarrizketa eta lankidetzaren emaitza izango da.

Horrela, bada, sorkuntza eta bitartekaritza eskutik doaz proposatzen den kultur eredu berri honetan. Lurraldeko gaur egungo sistema indartzera letorkeen eredu honek helburu nagusitzat dauka kultur ekosistema eraberritu bat ezartzea, non sorkuntza-prozesuak proposamen artistikoen beste zati bat bezala balioan jartzen diren. Hortaz, lan egiteko modu honek bitartekaritza sorkuntzaren parte bezala ulertzen du, eta ezinbesteko urrats gisa, herritarrak kulturalki aktiboago eta kritikoago bihur daitezen.

Ekimen honetan, Donostiako ekipamenduez gain, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Iparralde/Akitaniako beste hainbatek ere parte hartuko dute. Izan ere, Donostia 2016k kultur sistemaren eraldaketaren alde egiten duen apustuaren baitan, beharrezkoa baita lurralde-mailan egingo den esfortzu honek ahalik eta eragile gehien inplikatzeko balio izatea, bai erakundeei dagokienez, bai sortzaile eta hezkuntza-sektoreari dagokienez. Azkenik, Hegoaldeko eta Iparralde/Akitaniako eragileak Mugalariak-en elkarlanean jarduteak hainbat emaitza ekarriko ditu: batetik, lurralde osoan artisten mugikortasuna eta hedapena bultzatuko ditu; eta, bestetik, esperientziak eta kolaborazioak elkartrukatzeko balioko du osagarri izan gaitezkeen alorretan, beti ere, sare-lanaren bidez.

“MUGALARIAK” DEIALDIAREN EZAUGARRI NAGUSIAK

Donostia 2016 proiektuaren eragin-eremuko artistek eta konpainiek hartu ahal izango dute parte. Ibilbide profesional ezagunekoak izan beharko dira, eta egonaldietarako aurreikusitako denboran garatzeko proiektu artistiko bat aurkeztu beharko dute. Aurkeztutako proiektuak oinarri eszenikokoak izango dira (antzerkia, dantza, performancea, musika edota diziplina anitzekoa…), baina hiri-espazioan antzezteko pentsatuak ere izan litezke. Eskaerak maiatzaren 5a baino lehen bidali beharko dira mugalariak@dss2016.eu helbidera.

Hautatutako proiektuen egileek, artista nahiz konpainiek, ondorengoa eskuratuko dute:

- Laneko bi espazio, bat Hegoaldean eta bestea Iparralde/Akitanian, proiektuaren premiei egokituak, bakoitza bi asterako gehienez ere, proiektuaren sormen-prozesuaren zati bat bertan garatzeko.

- Egonaldietan parte hartzen duen artista edo konpainiako kide bakoitzeko diru-kopuru bat, sormenaren sostengu gisa; gehienez ere 8.000 € (BEZ barne) proiektu bakoitzeko.

- Prozesu bakoitzaren inguruan antolatzen diren bitartekotzako ekintzak gauzatzen parte hartzen duen pertsona bakoitzari orduko 35€ ordainduko zaizkio, konpainia bakoitzeko gehienez ere 1.600 euroko mugarekin (BEZ barne).

- Artistarentzako edo konpainiako kideentzako ostatua eta dietak (behar izanez gero), egonaldiak irauten duen bitartean.

- Proposatutako arte-proiektuan oinarritutako bitartekaritza-plan bat diseinatzeko eta exekutatzeko aholkularitza eta diseinatzeko laguntza.

- Egonaldiaren eta bitartekaritza-ekintzen segimendua egingo da komunikabideetan eta zabalkundea emango zaie, bai sare sozialen bidez eta bai parte hartzen duten entitateek ohiki erabiltzen dituzten bideetatik.

Proiektuak balorazio-batzorde batek hautatuko ditu, eta honakoek osatuko dute: Donostia 2016 Fundazioko bitartekaritza-arloko arduradunak; Errobi Herri Elkargoko kultur arloko arduradunak; eta programan parte hartzen duten ekipamenduetako arduradunek. Proiektu bat hautatua izan dadin, bi ekipamenduk behintzat (Hegoaldeko batek eta Iparralde/Akitaniako beste batek) egonaldia ostatatzeko interesa erakutsi beharko dute.

20140426-181724.jpg


About Plataforma Katapulta

"Katapulta" es una plataforma de búsqueda, desarrollo y promoción de talentos creativos, basada en la conexión entre agentes de distintas disciplinas y entidades públicas y privadas.

No comments