Menu

Sega Sound Killers

Musika elektronikoa

[“Katapulta Tour Gipuzkoa 2022″ zirkuitorako autatutako artista, zirkuitu beraren deialdian aukeratua.]

“Lur-zoruan gaudenak ez gara existitzen” dio SEGA SOUND KILLERS taldearen kantu baten letrak. Baina izan badira. Eta bigarren diskoa kaleratu berri dute, “Dolu”.
Musika abentura ezberdinetan ibilitako musikariak batu dira egitasmo honetan, non giro elektronikoetan sakontzen duten rock izaera duten kantuetan. Taldekideak ez dira berriak musika mundu honetan, eta ikusi dute Euskal Herriko musika eszenaren garapena, eta eboluzioa. Bai eta inboluzioa ere.

‘Dolu’ lan berria, hamabi kantuz osaturik dago, eta kantu bakoitza istorio bat den arren, kontakizun bat ere bada diskoa bere osotasunean. Kanta guztien artean bada hari bat non abesti guztiek baduten lotzen dituen soka bat.
Dolua bere fase guztietan ikustarazten ahalegintzen dena, norberarentzat oso garrantzitsua den zerbait galtzea zer den irudikatzen duen lan konzeptuala. Kasu honetan, pandemia zikin honek gure gizartean eragin dituen aldaketak goraipatu nahian, musikalki hezitu garen eszena alternatiboa edo undergrounda ia ia desagertaraziz. Lan honek kolaborazio askorekin kontatu du, besteak beste Sara Zozaya, Fermin Muguruza, Juantxo Glaukoma, Zuriñe Hidalgo, Zaloa Urain, Haritz Lete…. Erritmo dantzagarriak eta indartsuak dituen “Live” kementsua eta bizia, talde hau momentuko euskal musika elektronikoaren erakusle sendoa den adierazle.

Disko honetan, argi ikusten da rock talde bat elektronikarekin jolasean, eta taldekideen musika bidaiak ikusita, nabari dira bakoitzaren sustraiak non dauden. Bateriaren presentzia handia da kantuetan. Bonbo kolpeak bihotz taupadak dira. Sinteak gainetik datoz, pluralean. Sinte bakoitzak bere nortasuna du, bere eragiteko era. Eta ahotsek (pluralean ere) borobiltzen dute emaitza. Entsegu lokalean bost lagunek egindako lana, era kolektiboan borobildu da.

Agertoki gainean lau musikari taularatzen badira ere;  “Matxet” (ahotsak eta sintetizadoreak), “Ektz” (sintetizadoreak),  “Lusar” (kitarra eta sintetizadoreak) eta “Eneko” (bateria), JM Linazasoro soinu teknikariaren papera handia da talde honetan. Taldeko beste bat bezala, kantuaren eraikuntzan aritzen da, eta produkzio lan horrek kantuak borobiltzen ditu.

“Hau ez da aukera bat, bizitzeko modu bat baizik” dio taldearen beste kanta batek. Bizi gaitezen bada!

Instagram: segasoundkillers
Facebook: segasoundkillers

BIDEOAK:
> Zuzenean – Live
> New Sound