Menu

Mugan

rock - pop - folk

[Kutxa Kultur Musika 2020-2021 programak, “Katapulta Tour Gipuzkoa 2021′′ zirkuitorako aukeratutako artista.]

2017ko udan ausartu zen lehen aldiz Pablo Zurutuza abestiak sortzen, gitarra eta ahotsa baliatuta. Lehen kantu horiek bere lagun Joseba Pastorri erakutsi eta hark baxu elektrikoa gehitu zien. Gerora Mugan taldea izango zenaren lehen haziak izan ziren.

Urtebete pasa zuten kantu berriak sortzen, euren erreferente zirenen folk soinuari izaera propioa eman nahian. 2018. urtean, lagunarteko plana zena musika talde bilakatu zen. Hasiera batean, Enara Rodriguez sartu zen pianoan, eta Markos Murua tronboia jotzen. Beranduago, Eneritz Genuaren biolina eta Garazi Aranbururen ahotsa ere batu zitzaizkien. Orduan lortu zuten Muganen doinuek egun duten izaera. Hala ere, abesti horiek indar eta erritmo handiagoa behar zutenaren irudipena zuten: perkusioa falta zen. Hutsune hori betetzeko iritsi zen Ander Murua. Taldea osatuta zegoen.

2019ko urrian egin zuen Muganek jendaurreko lehen emanaldia. Ordutik aurrera, kontzertu gehiago ere eman zituzten, 2020aren hasieran pandemiak kontzertu oro bertan behera utzi zituen arte.

Ordutik aurrera, taldea lanean ibili da. Errepertorioa berritu dute; eta, izaera melodikoa galdu gabe, doinu indartsu eta dinamikoagoak gehitu dizkiote, denbora luzean bilatutako soinua lortu arte. Beraien musikak rock-a, pop-a eta folk-a nahasten ditu.

Gainera, 2020ko abuztuan, ibilbidearen hasieran sortutako kantuetako bat grabatu eta lehen singlea kaleratu zuten: Udabiberri (2020). Berako (Nafarroa) Mik estudioan, Aitor Garciaren laguntzaz ekoitzi zuten. Urte hartako abenduan, Kutxa Kultur Musika 2021 programan parte hartzeko hautatu zituzten. Sortutakoa erakusteko garaia iritsi zaie.

Facebook: mugan
Instagram:  mugantaldea
Twittter:  MuganTaldea
Youtube: Mugan

BIDEOAK:
>Udabiberri
>
Hazten, ahazten