Menu

Edorta Subijana

"Hiria: hiri ikusezina"

Arkitekturan prestakuntza jaso nuen Donostiako Goi Eskola Teknikoan eta Peña Ganchegui y Asociados arkitektura-estudioan, azken horretan 8 urtez aritzeko zortea izan nuelarik. Ondoren, arkitekto autonomoa izan nintzen. Garai hartan, hainbat proiektu txiki burutu, eta zenbait sari lortu nituen, arkitektura-lehiaketetan irabazle edo finalista izateagatik.

Bestalde, lanbide-jarduera irakaskuntzarekin uztartu dut, eta, hala, adierazpen grafikoari eta bistaratze arkitektonikoari buruzko ikastaroak eta tailerrak eman ditut eta Donostiako Eskola Politeknikoan eraikuntza-irakasle izan naiz.

Nik uste arkitekturaren proiekzio-gaitasuna beste diziplina batzuetara ere eraman daitekeela, eta horri eransten badiogu arte plastikoetan nolabaiteko trebetasuna badudala, diseinu grafikoa, ilustrazioa, argazkigintza, infografia, eszenografia, erakusketa-muntaiak, bideoa, mapping-a… ere lantzeko aukera izan dut. Lan horietako gehienetan, diziplinak elkarren artean eta arkitekturarekin uztartzen dira, HIRIA proiektuan gertatzen den bezala.