Menu

2022 Urriak 29

EIBAR / PORTALEA

KATAPULTA ACTION > ERAKUSKETA TENPORALA: 
Artista: ALMU MAESO
Pintura Erakusketa
Erakusketaren izenburua: “AZULEJOS”
Herria: Eibar
Tokia:  Portaleko Erakusketa Aretoa
Inaugurazioa: Urriak 29, arratsaldeko 19:00etan artistarekin bisitaldi gidatua.
Iraupena: Urriak 29tik Azaroak 2ora
Ordutegia: asteartetik igandera: 18:30-20:30

• Erakusketa honetan 
pintura, grabatu eta zeramika obrak ikus daitezke, bertan funtsezko diziplina pintura da, pinturatik dena abiatzen da. Artistari eskuekin lan egitea oso garrantzitsua iruditzen zaio, eskuekin lan egitea zentzuekin lan egitea bait da. “Begitik sartzen den irudi hori, begiekin ikutu, barneratu, marraztu eta eraldatu.”•
Ekitaldi hau Eibarko Udala eta Portalea kultur Etxeak    sustatuta dago, Plataforma Katapulta -ren kolaborazioarekin eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.

Instagram: almumaeso

Azken urte honetan, tesia hasi berri dut eta arte prozesuetan ziurgabetasuna eta zalantzaren inguruan ikertzen ari naiz. Gai horrek beste diziplinetan aritzera eta ez jakintasun teknikoa sormen prozesuetan gehitzera eraman nau. Bi dimentsioak dira erakusketa honen lokarria. Iruditegia eta obretan errepikatzen diren gaiak diziplina guztietara eraman nahi izan ditut. Orduan, beste lokarri bat erlazioetan datza.

2022ko urtarrilean hasten da proiektua. Momentu horretan, prozesua aldatzen zegoen. Ordura arte sortzen nituen obrak intuizioa zuten gidari nagusia. 2021eko azken egunak etxean sartuta egon nintzen, hau da, konfinatuta… Bi kolorezko arkatz eta txinatar tinta pote batekin konpondu behar izan nintzen. Garai horretan, etxeko bakardadean, kanpoko irudiak behar nituela konturatu nintzen, ezin nintzela egon barruko pentsamenduekin borrokan denbora guztian. Hor hasi zen obsesioa irduditegi konkretu batekin, hala nola, azulejo, baldosa, eta arkitekturan aurki daitezkeen dekorazio geometrikoak.

Prozesuan iruditegi berri hori barneratu nuen. Ordutik, intuizioa eta kanpo-estimuluak elkarrizketan dabiltza. Erakusketara materialki eraman nahi izan dudan helburua, erlazio jolas hori da, instalazio eran. Azken hauek, diziplinak harremanetan jartzen dituzte.

Teknikaren aldetik, azken bolada honetan ez dut asko nahastu, hau da, diziplina bakoitzean teknika konkretu bat landu dut, beste batzuekin nahastu gabe. Pinturan olioa lantzen dut, bai paper gainean eta baita liho ohial gainean. Papera asko erabiltzen dudan materiala da, merkea da eta prestakuntza gutxi dauka. Honek, sortzerako orduan, askatasuna ematen dit, zeren beldurrak ez dauka hainbeste lekurik prozesuan. Balio gutxiko materialak segurtasun hori ematen didate, eta ez hori bakarrik, lehen aipatu dudan bezala, ez jakintasun arloan ikertzen ari naiz, eta horrelako materialak askatasun eta segurtasun handiz lagatzen didate nire buruari eta obrari boikot egiten. Helburu horren zentzua, gauza berriak aurkitzea da, bereziki “aurkitzea” eta “sorpresa” bizitzea. Azken obrak liho oihalean landu ditut diru laguntzak lortu ditudalako eta materialak erosi izan ahal ditut prezioa begiratu gabe.

Grabatuan linolioa lantzen dut. Edizioak egiten ditut, alde batetik teknika ikasteko eta bestetik, estanpa askoko edizioetan, posible da bidean osatu gabeko frogak lagatzea. Gero, froga horiek eraldatzeko, bai ideia berriak lortzeko beste edizioak sortzeko, bai froga bakar bilakatzeko. Laburbilduz, edizioa egiten dudan bitartean, askatsaun gutxiagorekin aritzen naiz teknika ondo ikasteko, eta, ondoren, bidean utzitako frogekin, askatasun osoz esperimentatzeko.

Marrazketaren aldetik, oso zaila da bereiztea noiz margotzen den eta noiz marrazten… Kuadernoak betetzen ditut zirriborroekin, arkatz eta argizariekin. Obra osoaren estruktura da marrazketa, obra osoa zeharkatzen du erdi-erditik.

Zeramika da hasi berri dudan diziplina. Praktika honekin zalantza eta ziurgabetasunaren barnean nago. Horregatik, prozesu zein obren emaitzetan inozentzia eta “naif” puntu hori garatu dezaket. Teknikari dagokionez, denetarik frogatzen dut, beti eskuekin lanean.

Bukatzeko, aipatu dudan azken idea honetan sakondu nahi dut. Eskuekin lan egitea oso garrantzitsua iruditzen zait, zentzuekin lan egitea, begitik sartzen den irudi hori, begiekin ikutu, barneratu, marraztu eta eraldatu. Oso beharrezkoa iruditzen zait aro teknologiko honetan bakoitzaren nahiak zeintzuk diren jakitea, nahi analogikoak, eta, gero, materializatu ahal izatea.

Ekitaldi hau Plataforma Katapulta -k sustatuta dago,  Eibarko Udala eta Portalea kultur Etxearen.  kolaborazioarekin eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin..